1. Journals

1. GUTUNA: Çiçik Friedrich-i idatzia

February 13, 1920

Friedrich maitea:

Uste dut idazten dizudan azken gutuna dela. Badakit ezinezkoa dela zure erantzuna, eta hala ere berriro ezin izan diot eutsi nire fantasiaren mugei. Ez dut uste PTT Posta zerbitzuak aurretik bidalitako gutun guztiak inora entregatu dituenik, baina ez dizkit itzuli ezta ere eta horrek esperantza ematen dit. Zuk ez bada, beste inork, zoriaren zoriz, gure istorioa aurkituko duelakoan. Sophiak dio ez duela zentzurik, ez zaudela gehiago gure artean, eta joaten utzi beharko zintudala behingoz. Nola ukatu ordea nire begiek orain bi urte ikusi zutena? Ez nuen zalantzarik orduan eta ez dut orain ere, baina… hala ere nire ongizateagatik aurrera egin behar dut. Gutun hau beraz azkena da, Fournier anaien eskuetan utziko dut, zure mamuaren beldur dira ni baino gehiago. Gutxienez zor hori kobratuta utziko dut.

Paris uztear nago. Folies-Bergèrek ez nau gehiago maite. Nire azal zaharkituak jada ez du gaztaroan bezalako zirrararik eragiten, eta gerraren itzalak gizonen fantasiak lausotu ditu, euren galderak eta susmoak zanpatu. Ziurtasuna eta boterearen atzetik dabiltza, jada ez dute artea, poesia eta dantza maite, are gutxiago sekretuen hizketa edo sorginen ahotsa.

Adinak ere galdu nau ez dut ukatuko, Ameriketatik iritsitako emakume eder eta beltzaran batek hartu du antzerki eta dantzazaleen begirada guztia, Josephine Baker deitzen da. Zeruan izar berri bat nirea itzaltzen den bitartean. Edonola ezin naiz geratu nire erorketa ikustera, gainera iparralde honek nire hezurretan ahultzen nau.

Zugan pentsatuz aritu naizaldaketak datozela eta, urduri, ezinbestean, oroimenetan galduta. Zure esku habilek hainbatetan erakutsi didate eta benetako zirrara zer den, hainbeste faltan botatzen dudana. Ametsgaiztoak aldentzen laguntzen dit zure gogoak, inoiz baino estuago heltzen nautenean ere.

Ez nau nostalgiak bakarrik mugitu ordea. Gutun bat jaso dut. Gure taldeko lagun min batek idatzi berri nau hegoaldetik. Badakizu nork. Antza, Lore-Jolasa berpiztu nahi dute. Badakizu-nor-en ideia izanik, ziur lizunkerietan aritzeko aitzakia dela, eta etsaiak engainatzeko trikimailua ere, noski. Baina beldurtzen nau ni bezalako emakume baten gaitasunak zertarako behar dituzten galdetzeak. Susmo bat dut laztana. Nire SUSMO hoietako bat, ez dakit zer den oraindik. Adinaren gauzak agian, baina bada zerbait. Ezagutzen nauzu. Inork baino hobeto. Ezin zaio uko egin deiari. Gainera gauzak mugitzen ari dira bertan, ez dakit taldeko beste kideekin inor kontaktuan jarri den, baina… indar handiak… usaintzen ditut airean.

Edonola Sara-ra itzultzekoa naiz. Sophiak dio ez dagoela niretzat ezer bertan. Berak ez du ulertzen. Herriak deitzen nau. Lurrak. Agian ez da bidaia zuzena izango, ordea ekialdera detour txiki bat egin behar dut. Arriskutsua bada ere.

Beti botako zaitut faltan, baina ez dizut permisurik eskatuko laztana, badakizu hori ere. Bizi zinela hasi nuen tradizio bat, alargun bezala mantenduko dudana.

Zure maitea betiko. C.C - Claudine Clauvel